Buscar este blog

2013/10/20

Nafarroako Gobernuaren Portland-en aldeko jokabide lotsagarri eta nazkagarria



Nafarroako Gobernuak Udalaz gaindiko Proiektu Sektorialtzat izendatu zuen Nafarroan hondakinak errausteko Portland-en proiektua (UPrS) urte hasieran., Zementu-fabrika bati hondakinak erraustea baimentzeko beste inon erabili ez den ez-ohiko tresna administratiboa da hau. Horri interes orokorreko izendapena gehitu zitzaion, horrela udalaren eskumenak eta inguruko herritarrek eta hauen udalek, turismo kontsortzioek eta sindikatuek adierazitako kontrako borondatea hobeki eta erabat zanpatzeko.

Legalki oso susmagarria izan arren, Portland-i baimen berri bat eta ingurumen baimenak denak batera eman zizkion, eta horren kontrako epaia egon arren, Nafarroako Hondakin Planean ezartzen diren baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak dituen multinazional batek hondakinak non erraustuko diren zehaztea onartu zuen. Gainera , zalantzarik ez uzteko, “batez ere Nafarroan” sortutako hondakinak errausteko hitzarmen bat sinatu zuen Portland-ekin, eta bide batez, errausketa edo beraiei izendatzea gustatzen zaien moduan “hondakinen balioztatze energetikoa” sustatzeko sinatzaileen borondatea ere jaso zuten.

FCC-ren interes pribatuaren aldeko eta interes orokorraren kalterako agertutako jokabide argi hori oso ezaguna da, baina ez da hain ezaguna eskualde berean ezarri nahi duten jarduera berria, oso kutsagarria dena eta zalantza izpirik gabe estatuko enpresa kutsagarrienen mapan puntu beltz bihurtuko gaituena, magnesita ekoizpena hain zuzen ere, Magna enpresak Zubirin burutzen duena, Nafarroako herri kutsatuenetako batean alegia.

Eta okerrena, Olaztin egin nahi dutela da, Portland enpresaren labeetako batean. Horrela enpresa horrek labe bat hondakinak errausteko eta clinkerra egiteko erabiliko du eta bestean magnesita ekoitziko du. Burugabekeria galanta, egungo kutsadurari jarduera berriak sortuko duena gehitu beharko zaiolako. Gainera ez du lanpostu berri bakar baten sorrera ere ekarriko, zeren Portland-ek 56.500 tona hondakin, pneumatiko, araztegietako lohi, plastiko, … erretzeko beharrezko baimen guztiak, azken hau barne (aurreko guztiak biltzen dituen IBB berriak ikara sortzen du) lortu ondoren, langileak kaleratzen jarraitu du eta dakigunez, aukeraketa berezia eginez.

Guztia Nafarroako Gobernuak ohikoa duen ilunkeriaz burutu da, abuztuan, inolako parte-hartze prozesurik gabe, jendaurreko proiektu aurkezpen soil bat egin gabe. Enpresak besterik ez ditu alegazioak aurkeztu, hasiera batean baimendutako emisio mailatik gora isurtzeko eskatuz, eta nola ez, onartuak izan zaizkio.

Nafarroako Gobernuak Portland-i emandako salbuespen berriek, Zubirin Magnari baimendutako isurpen mugak oso goitik gainditzen dituzte eta hala ere oraindik zabalagoak izango dira gehiegizkoak direla iritzita.

Magnesita ekoizpenean aplikatu behar diren kutsadura gutxitzeko teknikak, Magnan ere bete behar direnak, ez dizkio Nafarroako Gobernuak Portland-i eskatuko, horiek ezartzeko egin beharreko gastuak (Portland-ek dio 3 milioi euro liratekeela) ingurumenean izango luketen onurarekin alderatuta gehiegizkoak direla argudiatuta.

Eta honen ondorioz, magnesita ekoizteko Portland-i baimendutako sufre oxido (SOx) (kutsatzaile honek bere eraginpeko lurraldean pertsona eta animalien hilkortasuna handitzen du, lurren emankortasuna murrizten du, basoak erretzen ditu eta ura kutsatzen du) isurpenek %33 eta %400 artean gainditzen dituzte eskura dauden teknika onenei (ETO) lotutako emisio mailak, hauek murrizteko araztaile hezea erabiltzearen edo ez erabiltzearen arabera.

Portland-en ekoizpen gaitasuna Zubiriko Magnarena baino %35 inguru handiagoa izanen da. Hondakinak Nafarroan CO2 isurpenak murrizteko erreko zituela zioen enpresak, (jarduera horrekin dioxinak, partikula xeheak eta ia beste 400 konpasatu oso arriskutsu ere isuriko zituela ezkutatuz) 100.000 kamioi jarriko ditu martxan Nafarroako errepideetan, magnesio oxidoa eta dolomía sinterizatua ekoizteko datozen lau urteetan diotenez, eta horrek gas horren isurietan izugarrizko gorakada ekarriko du.

Baina Nafarroako Gobernuari neurriz kanpokoa iruditzen zaio, CNC delakoak agerian utzi zuen bezala bere legez kanpoko praktikekin nafarroi 100 milioi euro baino gehiago lapurtu dizkigun enpresak, diru horren %3a ahal den neurrian herritarrak eta inguruko baliabideak babesteko gastatzea. Nafarroako Gobernuarendako pertsona horien osasunak ez ditu 3 milioi horiek balio.

Nafarroako industria kutsatzaile handienen artean dagoen Zubiriko Magna txiki geratuko da Olaztikoaren ondoan. Besteak beste, eta aipatutako baldintzetan magnesita ekoiztean sortutako kutsaduraren ondorioz, bere eragina jasango duen lur eremua handiagoa izanen da eta zementu ekoizpenak eta hondakin errausketak izugarri areagotuko dute kutsadura hori.

GORKA MUÑOZ
3Mugak Batera Plataforma

No hay comentarios:

Publicar un comentario