Sarrera hau pello-zubiria-(e)k idatzi du / Ekaina 4, 2012
Irlandako Cork hiritik bost kilometrora agintariek Rigaskiddy herrian errauste planta eraiki aurretik An Bord Pleanála aholku batzordea osatu zuten adituek eman zitzaten beren iritziak fabrika berriaz. Diktamena eskatu zioten Ulsterreko unibertsitatean irakaslea den Vyvyan Howard doktore toxiko-patologoari eta honek 2009ko ekainean txostena aurkeztu zien: “Statements of Evidence. Particulate Emissions and Health”
(Lekukotza edo peritajea. Partikulen jariaketa eta osasuna). Hiri
hondakinak labe industrialetan kiskaltzeak gizakiaren osasunari eta
ingurumenari dakarzkien kalteez zerbait jakin nahi duenak leitu beharra
dauka Interneten libre dagoen agiria: partikula txikien eta gizakien
heriotzaren arteko loturak, partikula ezberdinen eta hauen arteko
nahasketaren eraginak, arnasketa eta partikulak, biriketara iristen
diren partikulen bidea, eragin toxikoaren mekanismoa, haurrak herritar
bereziki bulnerableak, umekiaren jaio aurretiko arriskuak… Kebideetatik
ateratzen diren partikulak neurtzen dira milimetro bakoitzak mila
dauzkan mikrometrotan eta milimetroan 1.000.000 sartzen diren
nanometrotan. Jendeon ile batek 70 mikrometroko lodiera dauka. Arnasten
hasita 10 mikrometro baino ale larriagoak sudurrean eta eztarrian
geratzen zaizkigu biriketaraino pasa gabe. 10 mikrometro baino
txikiagoetan handienak bronkioen hasierara heldu eta karkaxarekin edo
eztularekin kanporatzen ditugu. 5 mikrometro baino xehegoak
biriketaraino heltzen zaizkigu. 2,5 mikrometro baino are meheagoak
albeoloetaraino barneratuko zaizkigu, biriketan oxigenoak eta odolak bat
egiten dutenetaraino. Hortik aurrera, kalteak, segun eta zein
materialezkoa den partikula eta zein neurritakoa, 2,5 mikrometro baino
gutxiagokoak baitira ultra-meheak, nanopartikula ere deituak: “Ikerketek
erakutsi dute masa handietan arriskurik gabeak diren materialak berak
ere toxiko bihurtzen direla partikula ultra-xeheetan zatitutakoan”. Partikula zenbat eta xeheago, kaltea are larriago.
Konbustioak sortutako isuri guztiok biltzeko errauskailuek dauzkaten
filtroen eraginkortasun ahulaz hobeto jabetzen ere lagundu du Vyvyan
Howardek 2009an aurkeztu ikerlanak. Geroztik Irlandako agintariek
baztertu egin dute Rigaskiddyko errauskailu asmoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario