Buscar este blog

2012/09/12

FCC hondakinen multinazionalaren UPrS-a (Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala), Nafarroan errausketa ezartzeko.



Azken egun hauetan sarritan hitz egiten ari da Donapeako UPrSari buruz eta UPNk proiektu hau  interes orokorraren kontra eta OPUSen interes pibatuen alde aurrera ateratzeko duen jokabide setatsuaz. Bat dator oposizio guztia ez-ohiko tresna honen inposizioa udal-autonomiaren aurkako gehiegikeria dela iriztean.

Abuztuaren 31n amaitu zen UPNk hil ala bizi aurrera atera nahi duen beste proiektu baten jendaurreko erakustaldia, Portland-ek aurkeztutako UPrSa, oraingoan hondakinen multinazionala den FCCk hondakin kudeaketa negozioa martxan jarri ahal dezan Olaztiko porlandegian. Larriagoa oraindik kasu honetan, jarduera honek herritarren osasunerako ekar ditzakeen ondorio kaltegarriak kontuan izanik, Stockholmeko Hitzarmenak jasotzen duen moduan hondakinak erretzen dituzten porlandegiak baitira dioxina, furano eta metal astunen hirugarren isurtzaile handienak eta jakina denez substantzia hauek minbizi-sortzaile nagusiak dira eta ez dago beraien aurrean esposizio maila segururik.

Hasteko, proiektuaren jendaurreko agerraldia oporraldiarekin batera egiteak, osasunean eta ingurumenean eragin zuzena duen gai baten aurrean asmo txarrez jokatzeko nahia eta jendearen partehartzea batere ez errazteko borondatea adierazten du. Gainera esan beharra dago jendaurreko agerraldia luzatzeko eskaria ukatu egin duela Nafarroako Gobernuak.

Nafarroako Gobernuak berak onartu du “ezin dela ahaztu, Lurralde Antolaketa tresna den neurrian, UPrS hau Foru Komunitatearen interes orokorraren eta proiektua ezarri nahi den udalaren eta eragina izango lukeen inguruko udalen interes mugatuagoen artean sor daitezkeen gatazkak konpontzeko sortua dela, kasu honetan gertatzen ari den bezala”. Nafarroako Gobernuak onartu du Portlanden UPrS hau bere erabakiak Olaztiko Udalaren borondatearen eta bere udal-araudiaren gainetik jartzeko sortu dela. Horrela aipatzekoa da nola dagoeneko pasa den martxoko 18ko Diario de Navarra egunkariak bere lehen orrialdean lerroburu hau  zekarren: “Gobernuak bideratuko du Portlanden errauskailua. Udalaz gaindiko plan bat planteatzen du Olatzagutiko Bilduren oposizioa saihesteko”. Eta proiektu honen aurka agertu den udal-talde sozialistaren gehiengoarena ere, gehituko genioke guk.

Aurreko guztia esan ondoren, multinazionalari bere UPrSa “justikatzea” besterik ez zaio falta, bere interés pribatu hutsari ustezko interés orokorraren  soinekoa jantziz. Horretarako bere proiektua Nafarroako Hondakin Kudeaketarako Plan Integralean txertatzen dela  eta lanpostuak mantentzeko egin beharrekoa dela dio enpresak.

Lehenengo baieztapenari dagokionez, NHKPIren mapek horrelako jarduera, errausketa bidezko hondakin kudeaketa, Sakanan burutzea erabat baztertzen dute. Jarduera hau burutu ahal izateko Planean ezartzen diren kokapen irizpideek Natur Parkeetara, akuiferoetara eta herriguneetara gorde beharreko gutxieneko distantziak zehazten dituzte, eta FCCren porlandegiak ez ditu inondik ere hauek betetzen. Jarduera hau egiteko. NHKPIk aurrikusten zuen instalazioa Balioztatze Energetikorako Planta zen, bertan behera utzi dena zorionez.

Lanpostuei dagokionez, jarduera berri honek ez du lanpostu bakar bat ere sortuko, eta horren adibide da UPrSa aurkeztu zuen biharamonean Olaztiko lantegiko 20 langileren kaleratzea iragarri zuela enpresak. Kaleratzeak gainera ugariagoak dira hondakinak erretzen dituzten plantetan, zementu ekoizpen aurrikuspenak aurreko urteetako kontsumo kopurutik oso urrun daudenez, Portlanden helburua gero eta hondakin gehiago erretzea eta zementu gutxiago ekoiztea da, horretarako langileak mantendu beharrik ez dutelarik.

Eta gainera mingarria da ikustea nola erabiltzen duen Portlandek lehiakortasunaren gaia, CNC delakoak sei milioi euroko isuna jarri dionean frogatutzat eman duelako bere produktuen salneurriak ilegalki eta iruzur eginez adostu dituela, horrek, enpresari zintzoak hondamendira eraman dituenean, sektorean 200 lanposturen galera ekarri duenean eta gainera iruzurrak Foru Komunitateko kutxatik 100 milioi euro baino gehiago ordaindu behar izatea ekarri duenean. Eta oraindik enpresak bere proiektua justifikatu nahian, Komunitatean porlandegi bat izateak Nafarroari dakarzkion abantailak aipatzen ditu lotsagabeki, “hurbiltasunak bere produktuen salneurria merketzen duelako”. Horrelako empresa batek ez du batere sinesgarritasunik UPrS bat entitate pribatu batentzat justifikatzeko garaian, are gehiago aipatu dugun CNCri datu faltsuak edo iruzurtiak eman dizkionean bere jarduera ikertu nahi izan duenean.

Haserara itzuliz, Donapea afera OPUSen mesedetan bada, Olaztikoak FCC hondakinen multinazionalaren interesak defendatzen ditu. Iruñeko Udala aurka agertu bada, Olaztikoa ere bai eta gainera eskualdeko gainerako udalak, Mankomunitatea, sindikatuak, Landa Etxeak eta errausketa hondakin kudeaketa eredutzat hartzen ez duten Nafarroako beste hainbat udal.

Errausketaren aurrean beste aukera batzuk badirelako, gutxitzean, berrerabilpenean, birziklatzean, konpostatzean… oinarritutakoak, gizakion osasunarekin, ingurumenarekin eta gure eskualderako etorkizuna duten beste garapen eredu batzuekin errespetutsuagoak direnak eta gainera milaka lanpostu mantendu eta sortzen dituztenak.

Bere garaian NHKPIan aurrikusten zen plantan hondakinak erretzearen aurka azaldu ziren alderdi politikoei, horretarako egokiak ez  diren porlandegi bateko instalazioak aprobetxatuz eta aipatutako planean tokirik ez duen jarduera hori bera egitearen kontra ere agertzeko eskatu nahi diegu.

Eta era berean, beste toki batzuetan Udalez gaindiko Proiektu Sektorialak bezalako ez-ohiko baliabide administratiboen bidez proiektuak inposatzearen aurka dauden alderdiei ere, Olaztiko kasuan  jarrera berbera har dezaten eskatu nahi diegu.
 
Hondakin errausketarik ez.
 
Gorka Muñoz, 3Mugak Batera Plataformako kidea.     

No hay comentarios:

Publicar un comentario