Pasa den azaroaren 21ean 3MB
Plataformak, Ekologistak Martxan taldeak ingurumenaren aldeko lanean nabarmendu
diren taldeei urtero ematen dien “Jatorra” saria jaso zuen.
Antolatzaileek 3MB-k aurrera
eramandako borroka nabarmendu zuten eta ingurumenaren eta herritarren osasunaren
aldeko jokabide eredugarritzat jo zuten bere lana.
Saria eskertu ondoren, 3MB-k horrela
laburbildu zituen bere ibilbidea eta hondakinen errausketaren aurka zabaldu
diren lan ildoak:
2005.urtean Portland-ek bere
Olaztiko plantan hondakinak errausten hasiz, hauen kudeaketaren negozio
probetxugarrian murgiltzeko bere asmoa iragarri zuen. Espekulazio burbuilaren
amaiera gainean zutela konturatu ziren eta Espainiako Estatuak Europar
Batasuneko estatu nagusiek baino zementu gehiago kontsumitzen zuen garaia
amaitu zaie. Horrela, hondakinak erretzeagatik kobratuko zuten, ustezko
“erregai berriztagarriak” erabiltzeagatik administrazioaren diru-laguntzak
jasoko zituzten eta dohainik jasotzen zuten isuri kupotik deskontatuko zituzten
beren CO2 isuriak, gero horiek merkatuan salduz etekinak lortu ahal izateko.
Eta Portland-en kasuan, hondakinak biltzen eta kudeatzen dituen (beren
zementu-fabriketako labeetan erraustea barne) FCC multinazionalaren filiala
izanagatik, negozioa borobila izango zen.
Enpresak hasiera batean
hondakinak erreko zituela ukatu arren, beharrezko baimen guztiak eskatu eta
eskuratu zituen, horretarako UPrS (Udalaz gaindiko Proiektu Sektoriala) baten
beharra izan bazuen ere Olaztiko Udala eta bere lur eremuan hondakinak
erraustea debekatzen duen udal-araudia saihesteko.
Egoera horri aurre egiteko
sortu zen Olaztin zementu–fabrikan erraustearen aurkako Sakana Bizirik Plataforma,
beranduxeago errauskailuaren eraginpean ere geratuko liratekeen Ameskuko,
Arabako Lautadako eta Gipuzkoako Goierriko kolektiboak ere bertara bildu
zirenean Hiru Mugak Batera (3MB) bihurtu zena.
Hondakin errausketak kontrako
erantzun zabala jaso du eta ingurumenerako eta herritarron osasunerako
kaltegarria delako iritzia sakon txertatu da gizartean eta gainera, gutxitzean,
berreskuratzean eta birziklatzean oinarritutako beste hondakin kudeaketa eredu
batzuk aurrera eramatea baldintzatzen du.
Horregatik mozorrotu nahi
dute errausketa zaleek jarduera hau “hondakinen balioztatze energetiko” bezala.
Eta guztia beren presio lobbyek Europan onartzea lortu duten araudi berrien
aterkipean, hau da, energia berreskuratzen duen errausketa, zabortegira
eramatearen eta errausketa soilaren baino maila bat gorago jarriz hondakinak
tratatzeko hierarkia europarrean.
Honekin batera, herritarrak
nahastu eta politikariak beren jardueraren onuraz konbentzitzeko beste kontzeptu bat ere aurkitu dute zementugileek:
“zementua ekoizteko erregai ordezkapena”. Horrela, lehendabizi diru-laguntza
publikoak jasotzeko aukera dute erregai fosilak baztertu eta energia lortzeko
“iturri berriztagarriak”, “biomasa”, … erabiltzeagatik; bigarrenik berdez
jantzi eta ingurumenaren defendatzaile gisa agertzen dira ustez hondakinak
zabortegietara eramatea galarazten dutelako eta hirugarrenik kostuak murriztuz
enpresaren lehiakortasuna eta bideragarritasuna bermatu eta lanpostuak
mantentzea horren baitan jartzen dutelako.
Zementugileek babestutako
fundazio indartsuek ondo planifikatutako estrategia hauei guztiei aurre egin
behar izan die Plataformak arlo guztietan, eta gaur egun esan dezakegu zuen
guztien laguntzari esker, errausketa arriskua behin betirako baztertzeko bide
zuzenean gaudela.
Horretarako azken urratsa,
egun egiten ari den Nafarroako Hondakin Planean hondakinetatik eratorritako
gaiak (gero zementu-fabriketan edo bestelako instalazioetako labeetan
errausteko) ekoizteko aukerarik ez onartzea litzateke.
Mila esker denoi jaso dugun laguntzagatik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario