Buscar este blog

2013/01/04

Portland-en eta Nafarroako Gobernuaren amarrua Sakanari eta Nafarroari




Nafar guztiok eta “Comisión Nacional de la Competencia” delakoa bera engainatzeagatik eta 100 milioi euro baino gehiago lapurtzeagatik 6 milioi euro baino gehiagoko isuna jaso duen multinazionala berriz ere gogor kolpatzeko prest dugu, eta oraingoan Nafarroako Gobernuarekin berarekin ados jarrita baldin eta nahi duten moduan Olaztiko Portland-en instalazioetan hondakinak erretzen badira.

Inposizio egoera honetara nola iritsi garen eta horretarako erabili diren era guztietako azpikeriak ezagutzeko, nondik abiatu eta nora iritsi garen jakin behar da, izugarrikeria moralen eta zentzugabekeria larrienen zakuan gorde beharko litzatekeen kasu honetan.

Abiapuntua, Cementos Portland Valderrivasek, zementua ekoizteko negozioak aurrera jarrai dezan Koplowitz ahizpen aurrean aurkeztu beharreko kontuetan dago, hauxe bihurtu baita FCC-ren ardi galdua. Horretarako emaitza onak eskatzen dituzte eta Béjar lehendakariak eta bere alboko Aracamak (NG-ko kontseilari ohia) planta guztietan kaleratze eta errausketa gehiago aurrikusten duen plan berria mahaigaineratu diete.

Olaztiko plantak, orain dela gutxi arte normala zen zementu ekoizpen mailari eusten dion bakarretakoak, ezin du egoera hau besterik gabe pasatzen utzi, FCC jatorriko etxearen hondakin kudeaketaren negozioan sartu gabe geldituz. Horrela multinazionalak, ia segurutzat jo zitekeen Nafarroako errauskailuaren (Nafarroako Hondakin Kudeaketa Plan Integralaren aurrekontuaren %90a hartzen zuena) eraikuntzaren eta kudeaketaren esleipenak ekarriko lizkiokeen irabaziak berreskuratzeko aukera izanen luke,
 Alderdi politikoak Nafarroan aurka agertu direlako (Euskadin gai beraren aurkako jarrera adierazi ez arren) Planta horren eraikuntza, zorionez, baztertu ondoren, eta erabaki horrek laberik gabeko hondakin kudeaketa politika berri baten inguruan sortutako itxaropen guztiak zapuztuz, Nafarroako Gobernuak, hondakinak, gehien engainatu duen eta iruzur gehien egin dion enpresaren porlandegian erraustearen aldeko apustua egin zuen, errausketaren kontra (porlandegietan ere) agertu diren eskualdeko udal guztien (Arabako lautadako mugako guztiak barne), Lizarraldekoen eta Nafarroako gainerako beste hainbaten (Tafallakoa horien artean) eskariari muzin eginez.

Galdera ez da zergatik baizik eta nola egin daitekeen halako basakeria haran baten hondoan, herriguneetatik, Urbasa-Andia, Aralar, Entzia, Aratz-Aizkorri Parke Naturaletatik, Urederratik, iturburuetatik, Urdalurretik, … hain gertu, arrazoi hauek berberak izan baziren NHKPIan aurrikusten zen azken teknologiadun planta (hondakinak errausteko egokiena) eraikitzeko egindako kokagune ikerketan zonalde hau baztertzeko erabili zirenak.

Hemen ikusten da bidegabekeria honen benetako neurria, eman daitekeen iruzur etiko eta moral handienean eta lege-iruzur bikoitzean oinarritua. Alde batetik, Nafarroako Gobernuak empresa horrek zementua egingo duela dio, eta horregatik hondakinak erretzea ezin dela errausketa jardueratzat hartu, koinzineraziotzat baizik eta gainera bai jarduera berri hori bai horretarako behar diren instalazio guztiak Foru Komunitateko hondakin kudeaketaren politika publikoaren barnekotzat hartu behar direla. Beraz, Udalaz gaindiko Proiektu Sektorial (UPrS) moduan tramitatu behar direla.

Bai horixe, FCC hondakinen multinazionalaren filialak zementua (gutxiago) egingo du, baina milaka tona zabor errez, horretarako instalazio berriak eraiki beharko ditu eta hondakinen azken kudeatzaile bezala izena eman behar izan du; gainera “jarduera berarekin” jarraitu ahal izateko, hau da, zementua ekoizteko, duenaz gain beste baimen berri bat behar du orain 56.500 tona hondakin koinzineratu behar dituelako. Kopuru honekin ez dute, Portland-ek zioen moduan zementua ekoizten lehiakorrak izateko, estatuko batazbestekoaren antzera erregaiaren %15a “ordezkatuko”, ez Europako batazbestekoa den %28a ere, ¡¡ %50a baino gehiago” baizik. Eta beldur gara hau ez ote den hasera besterik eta enpresa honek Nafarroako Gobernua prestazio handiko eta teknologia berridun planta batean “energetikoki balioztatzeko” zain dituen 140.000 tona hondakin horien errauste lanetan ez ote duen laguntzen jarraituko.

“Koinzinerazioa” erabiliz “balioztatzea” erabakitzen bada, horrek esan nahi du errauskailu batenak baino 20-30 aldiz handiagoko gas isuriak izanik eta isurtze-muga onargarri altuagoekin, Portland-ek bere jarduera berria Olaztiko eskola publikotik 460 metrora egin dezakeela, inguratzen gaituzten Parke Naturalen eta Sakanako akuiferoen ondoan.

Aurreko zentzugabekeria guztia Nafarroako Gobernuak hondakinendako errausketa edo “koinzinerazio” labeetatik pasatzen ez den beste konponbiderik aurkitzeko borondate ezari loturik dago, eta hori, gutxitzean, berrerabiltzean eta birziklatzean oinarritutako beste kudeaketa eredu batzuendako oztopo eta bidegabeko lehia dira, jarduera horrek tasa eta zerga gehiago ordaindu behar dituzten errauskailuen errentagarritasun arazoak eta “ko”-rik gabeko errausketak dituen kontrol neurri zorrotzagoak saihestuko dituelako

UPrS-a de bigarren iruzurra. Distantziaren, jardueraren, … gaiak gainditu ondoren, Olaztiko udal autonomiarekin loturiko arazotxo bat besterik ez zen geratzen, 1998az geroztik indarrean dauden hirigintza arauek, erregai bezala erabiltzeko hondakinak biltegiratzea eta dosifikatzea helburu duen edonolako instalazioak debekatzen baititu. Beraz, enpresak bere proiektua tramitatzeko behar zuen hirigintza-bateragarritasun txosten loteslea ezezkoa besterik ezin izan zen eta halaxe da, horrek ondoriotzat proiektua artxibatzea dakarrelarik.

Baina ez dago ezer gaindiezinik arazo hauek konpontzeko eta interes pribatuen alde egiteko, behar diren planak eta udalaz gaindiko proiektuak aurrera eramateko prest dagoen Gobernu batendako, Donapeako UPS-arekin bezala, baina Portland-en kasuan udal autonomiari egindako eraso horrek osasun publikoan izanen dituen kalte larriak kontuan izanik.

Eta azken ukitua emateko, denoi dagokigun gai batean, Europako araudiak agintzen duen moduan, beste hondakin kudeaketa eredu batzuk aurkezteko eta aztertzeko herritarren benetako partehartze epea ireki ordez, espediente osoa bateraturik (ingurumen txostena, IBB berria eta UPrS-a) denbora epe ezin laburragoan tramitatu da. Hori dena UPrS-a onartzeko ezinbestekoa delako hirigintza-bateragarritasuna, Olaztiko udalari kendu behar zaion eskumena bestalde, eta hórrela IBB berria onetsi; eta aldi berean, IBB-a behar du UPrS-a onartzeko. Honen guztiaren esposizio publikoa abuztuko oporraldiarekin batera egitea da prozesu honetan guztian erabilitako asmo txarraren adibiderik argiena.

Ez daukagu merezi dugunik eta Nafarroan errausketa hain era zakarrean inposatzea onartezina da. Nafarroan egin daitekeen bidegabekeria handienaren aurrean gaude eta ezin dugu halako basakeriarik burutzea onartu. Ez da bakarrik zuzenan eragingo dituen zonaldeetako arazoa, Nafarroa osokoa baizik, eta horregatik eskatzen diegu herritar guztiei antolatuko ditugun mobilizazioen aurrean erne egoteko, denon artean basakeria hau geldiarazteko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario