Buscar este blog

2011/01/19

Zazpi gezur Nafarroako Hondakin Planean

Gobernuak onartu berri du Hondakinen Kudeaketarako Plan Integratua (2010-2020). Askok iragarri bezala, hondakinen errausketaren alde egin du, alternatiba osasuntsuak alboratuz eta eragile eta norbanako ugarik egindako alegazioak baztertuz.

Errausketaren alde egitea eta gizarteari azaltzea ez da lan makala. Hortik Sanzberro ingurumen sailburuaren marketing programa zabala. Errematea, Planaren aurkezpenean zabaldutako gezurrak izan dira. Izan ere, benetako argudiorik ez dutenez, nolabait saldu behar izan baitute errausketa. Ikus ditzagun, bada, gezurrok:


1.Gezurra: "Europar Batasunaren hierarkiari jarraituz, murrizketa, berrerabilpen eta berreskuratze kate-mailak agortu ondoren, beharrezkoa da hondakinen balioa aprobetxatzea, balorizatzea" –erraustea, alegia-. Plan honek baztertu egin du, hain zuzen, lehentasuna behar luketen hiru horiek ahal beste gauzatzea. Ala, esaterako, ezinezkoa da materia organiko gehiago aprobetxatzea konpostatuz?


2.Gezurra: "Errausketa da hondakinen isurketarik ezara hurbiltzen den aukera". Honez gero, ezaguna da errausten den %22,5 inguru hondakin izango dela, asko eta asko toxikoak gainera.


3.Gezurra: "Errausketa da ingurumen-inpaktu txikiena duen aukera". Erraustegiek gorputzean pilatu eta desagertzen ez diren substantzia kimikoak isurtzen dituzte (furanoak eta dioxinak). Horrez gain, eskoriak eta errauts hegalari mordoa sortzen dute.


4.Gezurra: "Munduko Osasun Erakundeak defendatzen duen teknika da". Erakunde horrek (ikus bere 225. fitxa deskribatzailea) sustantzia arriskutsuenen "dozena zikina" taldearen barruan kokatzen ditu dioxinak, aldi berean zera adieraziz, hondakinen erraustegiak direla dioxina gehien isurtzen dutenak.


5.Gezurra: "Kyotoko Ituna betetzen laguntzen du". Horretarako, batez ere CO2 isurketak murriztu behar dira. Bilboko erraustegiak, esaterako, 218.205.876 kg isuri zituen 2007an. Errausketen energia-eraginkortasuna txikia da (%30 soilik) eta sortutako kWh-ko ikatz edo gas bidezko zentral termikoek baino CO2 gehiago isurtzen dute.


6.Gezurra: "Aukerarik aurreratuena da erraustea". Gero eta gehiago Europan eta munduan Zero Zabor programen bidez hondakinak erraustu gabe kudeatzen dituzten hiri eta eskualdeak. Horiexek dira gehien birziklatzen dutenak, aurreratuenak, nahiz eta UPN-k ezikusiarena egin.


7.Gezurra: "Ekonomia iraunkorraren ikuspegitik, errausketa da aukerarik onena". Erraustea aukerarik garestiena da (220 milioi euro!) eta 20 aldiz lanpostu gehiago sortzen dira berrerabilpena eta birziklapena bultzatuz. Lurralde antolamenduaren ikuspuntutik, egokiagoa da kudeaketa deszentralizatua, eta jendartea hezteari begira, "Zero Zabor" egitarauak.


Gauzak honela, ezker abertzaleak deitoratu egiten du Plan hau onartu izana. Interes ilunei men egin beharrean, hobe luke Gobernuak gizarte, ekologia eta beste sektore askotatik eskatzen ari garen hondakinen bestelako kudeaketa bati irekiko balio bidea.

Argitaratze data: 2011-01-18
EzkerAbertzalea.INFO

No hay comentarios:

Publicar un comentario