GUAIXE-12/02/10
CPVk bere errausketa proiektua aurkeztu aurretik, Udalaren eta herritarren onespenik gabe aurrera eramango ez zuelako konpromisoa hartu zuen. Baina bere hitza jan eta herritarren, Olaztiko eta eskualde osoko udalen aurkakotasuna aintzat hartu gabe, aurrera jarraitzen du Nafarroako Gobernuaren babespean. Babes hau gainera, ondo ziurtaturik dauka, arazo politiko eta ekonomiko larriak sortzen dizkiolako gobernuari errauskailuaren kokapenak eta eraikuntzak.
Beharra irakasle ona omen, eta Barcina andereari aukera zabaldu zaio Sakanan. FCCren porlandegian hondakinak erraustuz, bi arazo kenduko ditu gainetik, badagoen instalazio batean eta ordain politiko oso gutxiko zonalde batean erraustea.
Hondakinak porlandegi batean errausteak arazoak areagotu besterik ez ditu egiten. Beste toki batzuetan UPNko kideak jarduera hori bera egitearen aurka agertu dira. Frogatuta dago hondakinak kudeatzeko beste eredu batzuek lanpostu gehiago sortzen dutela, beste garapen mota bat sustatzen dutela eta ingurumenarekin eta osasunerako askoz ere errespetagarriagoak direla. FCCren proiektuaren kontra azaltzea, eskualdeko etorkizuna eta enplegua mantentzearen aurkako jokabidetzat jotzen dute lotsagabeki.
Nahiz eta ELA eta LAB eta CCOOn federazio batzuk porlandegietan erraustearen aurka ageri diren, fabrika barruan kontuz ibili behar dute UGTk eta enpresak prestatu duten estrategian ez erortzeko, beldurra erabiliz, langileei enpresaren bideragarritasuna hondakin kudeaketan dagoela sinestarazi nahi diete eta. Honen haritik, oso argigarria da Lemoako kasua, aspaldiko partez hondakinak erretzen dituen Portland taldeko enpresa izanik EREan baitago.
Lehiakortasunaren kontrako azken aferan, CNCk ezarritako 6 milioi euro inguruko isuna gutxitzeko balio dezakeen taktikak ezin du taldearen inplikazioa ukatu, Espainiarako Zuzendari Nagusia eta Estatuko Iparralderako Hormigoi Ataleko Zuzendaria bete-betean aritu dira inplikatutako gainerako enpresekin Nafarroa osoan eta inguruko lurraldeetan eragina izan duten akordioak adostuz.
Argi dago Portlanden lan egiten duten Sakanako langileek praktika horiekin zerikusirik ez dutela, orain enpresak errudun gisa baztertu nahi dituen langileek zerikusirik ez dutenbezalaxe. Erantzuleak Portlanden bulegoetan eta Portlandekin erabakiak hartzen dituztenak dira, salneurriak adosteko, kontsumitzaileei eta administrazioari iruzur egiteko, langile asko kalean uzteko eta herritar gehienen iritziaren kontra beraien porlandegietan hondakin kudeaketaren alde egiteko.
AMAIA ZUFIAUR MARKINEZ
No hay comentarios:
Publicar un comentario