Buscar este blog

2010/12/24

2010eko abenduko idatzia

    Orain dela bost urte Cementos Portland Valderrivas-ek IBB (Ingurumen Baimen Bateratua) eskatzeko aurkeztutako dokumentazioan aditzera eman zuen etorkizunean Olaztiko bere porlandegian hondakinak errausteko-balioztatzeko asmoa zuela. Orduan ez zegoen gaurko krisirik eta lantegia bete-beteko ekoizpenean ari izen. Lehenago ere, 2001. urtean, animalia-hirinen errausketarekin hasi nahi izan zuen. Garai hartan ere ez zegoen ez “merkatu arazorik” ez “krisirik” errausketarik gabe. Bai lehen eta bai orain bere helburu bakarra bere jarduera bikoiztea izan da, porlan ekoizle izateaz gain, hondakin kudeatzaile ere bihurtuz.
    Porlandegian errausketa jarduera berri bat baimenduko ote zenaren beldur, eta horrek guztion osasunerako ekarriko zituen kalteak kontuan harturik, errausketaren kontrako plataforma sortu zen, eta helegiteak jarri ziren, bai Udalak berak (udal ordenantzan oinarrituak eta garai hartan ordezko alkate-andrea zen PSOE-ko zinegotziak sinatuak) eta baita ere plataformako kideek jarritakoak. Plataformak gainera, jarduera horren kontrako 3200 sinadura (750 Olaztikoak) aurkeztu zituen Nafarroako Gobernuan.
    Nafarroako Gobernuak IBB-a eman zion eta aldi berean hondakinen errausketarik ez zela baimentzen argitu zuen. Baina enpresaren nahia argi azen eta urte hauetan guztietan era batera edo bestera eta ukatu arren, bere helburua lortzeko urratsak ematen jarraitu du. Bai Udala keta baita ere Plataformak helegiteak jarri zizkioten baimen honi.
    Aspaldikoak dira herriaren adostasunik gabe ez zela ezer egingo zioten enpresako arduradunen adierazpenak (Udalak 2009-11-26ko udalbatzan ezetz esan zion hondakinak errauste-balioztatzeari eta hori debekatzen duen arautegia ezartzen jarraitzea erabaki zuen). Enpresak herria engainatu du, ez du hitzik bete eta Olazti eta Sakana osoa desafiatuz, indarrez errausketa ezarri nahi du porlandegian.
    Horretarako eta gaur egungo krisi egoeraz baliatuz, ez zaio batere inporta izan lan-xantaia erabiltzea bere nahien kontra dauden langileak mehatxatuz. Horren adibide dira 2010eko maiatzaren 19an Udala eta enpresaren artean izandako bileran zuzendariak azkeneko alkate eta enpresako langilearen aurrean esandakoak eta aktan jasoak: “latza iruditzen zaio fabrikan lan egin eta bertatik jaten duen langile batek honen asmoei kontra egin eta oztopoak jartzea. Langileren batek enpresak ingurumena erasotzen edo kutsatzen duela uste badu, bere lantokia utzi beharko luke”. Gaur egun ez du inork zalantzan jartzen gure herrian bizi dugun egoera kaotiko honen atzean porlandegia dagoenik.
    Baina, zer erre nahi du porlandegiak? Uneko merkatuan aurkitzen eta errentagarria suertatzen zaion guztia. Udalean “Plan de Sostenibilidad” eta “Propuesta de residuos para la valorización en la fábrica de Olazagutia” dokumentuetan aurkeztutakoak hauek dira:
 
                        -Hiri hondakinak                               50.000  Tona urteko
                        -Araztegietako lohiak                        30.000      "
                        -Zur hondakinak                                20.000      "
                        -Pneumatiko erabiliak                        15.000      "
                        -Baztertutako ibilgailuen hondakinak   15.000      "
                        -Haragi irinak                                    15.000      "
                        -GUZTIRA                     140.000  Tona urteko

    Enpresaren helburua ahalik eta hondakin gehien erretzea da, ahal badu 140.000 tonara iritsi arte eta horretarako egur hondakinak erretzen hasteko instalazioetarako baimena eskatu du lehenik, berak adierazi duen moduan aurretik jakin arren hori ez dela nahikoa, baina baimen horrek beste hondakin batzuk erretzeko atea irekiko diola.
    Ezkutuko errauskailu baten aurrean gaude, porlandegiko labeen jarduera bikoiztu egin nahi duena, horrela FCC multinazionalak kudeatzen dituen milaka tona hondakin bertan erraustu eta bere irabaziak handitzeko asmo bakarraz ari dena. Honen handitasunaz jabetzeko, 16 tonaz beetako 35 kamioi sartuko lirateke egunero lantegian. Kontuan harturik gainera ustez behintzat Foru Komunitateko hondakin guztiak Nafarroako errauskailuan erretzea aurreikusten dela, hemen erreko liratekeenak FCC-k kudeatzen duen beste edonondik etorriko liratekeela, gure osasunaren eta baliabideen kontu negozio bikaina eginez.
    Azken aldian entzun eta irakurri ere egin ditugu, bai udaleko PSN-ko zinegotziaren bai porlandegiko UGT-ko arduradunaren adierazpenak, herritarron borondatea gutxietsiz eta enpresari udal ordenantzak (FCC-rentzat ere bete beharrekoak) gainetik pasatuz lehenbailehen errausketarekin hasteko eskatuz. Jarrera eta adierazpen horiei buruz egin daitekeen balorazioa alde batera utziz, jakin behar dute, guri zuzenean dagozkigun gaietan, eta hau hala da, zuzenean parte hartzeko eskubidea eta betebeharra dugula herritarrok eta enpresak beste denok bezalaxe lege guztiak bete behar dituela, gure udal ordenantzak ere bai.
    Larria eta salagarria deritzogu baita ere, Tafallan edo Tuteran errausketaren kontra hain irmo eta elkarturik agertzen direnak, Olaztin berriz jarduera honen alde agertzea. Ez al dute akaso balio Tafalla edo Tuterako arrazoi berberek Olaztin? Edo Olaztin eta Sakanan gure osasunak eta gure baliabideek beste toki batzuetan baino gutxiago balio al dute?
    Hondakinen kudeaketarako eta Europako aginduei jarraiki erakundeek sustatu beharreko beste irtenbide batzuk badaudela uste dugu. Hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklapena sustatuko duten neurriak hartu behar dira. Hondakinak baliabideak diren neurrian, guztiak aprobetxatu eta birziklatu daitezke. Lohien konpostajea, pneumatikoen berrerabilpena eraikuntzan edo atez ateko zabor bilketa toki askotan, haundietan eta txikietan, ari dira aurrera eramaten eta gizakion osasuna babesteko eta garapen iraunkorra ahalbideratzeko alternatiba ezinbestekoa eta garbia dira.
    Plataformatik, berriz ere, jarduera honek izango lituzkeen ondorio larriak azpimarratu nahi ditugu, lehenik olaztiarron eta zonaldeko biztanleon osasunerako eta baita ere gure eskualdeko garapenaren etorkizunerako, eta horregatik egiten dugu egitasmo honen aurka indarrak biltzeko deia. Aldi berean galera at datorkigu burura..
Zein izango da istorio zikin honen hurrengo kapitulua?
Izango ote du Nafarroako Gobernuaren Hondakin Planarekin zerikusirik?
    Orrialde hauetan argigarriak izan daitezkeen prentsa ohar batzuk eta hainbat txosten teknikoetako atalak bildu ditugu, zer datorkigun gainera guztiok ulertzeko eta jarduera honek bai estatu mailan bai nazioartean jasotzen duen erantzuna ezagutzeko baliagarriak.

Plataformatik jaso ezazue agurrik beroena, 2011. urteak guztioi osasuna ekarriko digulako nahiarekin batera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario