Buscar este blog

2012/03/25

ERRAUSKETARIK EZ. MANIFESTAZIOA 2012/03/24

8.000 pertsona Altsasuko kaleetan


Hilabete honen hasieran jakin genuen Nafarroako Gobernuak Nafarroako Hondakin Plan Integratuaren barne aurrikusten zen Energia Blioztatzeko Plantan, errauskailuan, hondakinak balioztatzeko aukera bertan behera utziko zuela. Jimenez jaunak beste aukera batzuk, ekonomikoagoak, ez hain kutsatzaileak eta erantzun sozial txikiagoa sortzen dutenak aztertuko dituztela adierazi zuen.

Baina ustez albiste ona zenak, argilunak erakutsi ditu, Nafarroan ez delako errausketa hondakinak kudeatzeko sistema gisa baztertzen eta “energia balioztatze” deituriko hori, Nafarroan sortutako hondakinen %50arendako aurrikusten da Nafarroako Hondakin Planean.

Hondakinen “balioztatze energetikoa” Tafallan eta Tuteran errefusatua izan zen, alderdi guztien erabateko aurkakotasunarekin. Aukera hori Sakanan askoz ere arriskutsuagoa litzateke, horretarako porlan ekoizpenerako diseinatutako labeak erabiliko liratekeelako, baiara hondean daudenak, herrietatik oso gertu daudenak, Parke Naturalen ondoan, Sakana, Lizarraldea eta Nafarroako beste toki asko eta Arabako eta Gipuzkoako hainbat eskualde urez hornitzen dituzten iturburuetatik hurbil. Eskuade hauek guztiek jasango lituzkete halako jarduera baten ondorio kaltegarriak.

Sinetsi nahi dugu, Roberto Jimenezek ez duela buruan FCC multinazionalak Olaztin duen porlandegia, orain baztertu duen Energia Balioztatzeko Planta edo errauskailua ordezkatzeko erabiltzea. Eta hori diogu, ez dugulako sinetsi nahi lehen eta bigarren mailako herritarrik dagoela.

Gobernuari, errausketa hondakinak gainetik kentzeko sistema gisa behin betirako bazter dezala eskatzen diogu eta aldi berean Nafarroan beharrezko neurriak har dítzala beste kudeaketa eredu batzuen mesedetan, pertsonen osasunerako, ingurumenerako eta gure lurreko baliabideak babesteko errespetutsuagoak izango direnak alegia.

Horrekin batera FCCren porlandegiak, Cementos Portland Valderrivasek, jarduera aldaketaren aurrean inguruko eskualdeen borondatea errespetatuko zuelako hitza eman bazuen ere, atzera egin du. Bere hondakin kudeaketa proiektua aurrera ateratzeko inposaketa eta liskar bidea aukeratu ditu. Urrun geratzen dira Portland taldeko Jasangarritasun Zuzendari Nagusia den Jose Ignacio Elorrietaren hitzak, Sakanako gehiengo sozialaren borondatea mantenduko zela adieraziz, “eskualde bati aurre egiteak zentzurik ez lukeelako”, edo gaur egungo zuzendariarenak bezalaxe, eskualdearen onespenik gabe ez zela ezer egingo, esanez.

Baina Portland ez da fidatzekoa, eta gutxiago tartean negozioa baldin badago, nahiz eta besteen osasunaren eta baliabideen bizkar bada ere. Eta horren adibiderik argiena bere produktuak prezio gainetik kobratzen ibili izana, legez kanpo eta iruzur eginez prezioak lehiako beste enpresa batzuekin adostuz. Lehiakortasunerako Batzorde Nazionalak frogatutzat eman du hau eta horregatik 6 milioi euroko isuna ezarri dio. Praktika hauek beste enpresa batzuen hondamena ekarri dute, sektorean 200 lanposturen galera eta hori guztia ordaindu behar izan dugun administrazioari eta herritarroi iruzurra eta iseka onartezina.
Mingarria gertatzen da zuzendaritzako kide horien ahotan entzutea merkatuaren baldintzak betetzen dituzten enpresak izango direla iraungo dutenak eta beraiek aberastasuna sortu nahi dutela.

Biomasa begetalarekin sartu nahi izan diguten hamaikagarren amarru eta engainuaren ondoren, -geure etxeetan erretzen duguna erreko zutela zioten- orain eta planta itxiko dutelako mehatxupean egindako kanpaina latz baten bidez, lehiakorrak izateko Hondakin Planeko zaborrak erre beharko dituztela iragarri dute.

Honen guztiaren aurrean nahikoa dela diogu: iruzur gehiago ez, gezur gehiago ez, tranpa gehiago ez, xantaia gehiago ez.

Diru irabaziak gero eta handiagoak izatea besterik inporta ez zaion multinazional bihotzgabe baten hondakin kudeaketa negozioak ezin ditu gure osasuna eta lurrari eta naturari lotuago dauden beste garapen eredu batzuk hipotekatu. Horretarako, milaka medikuk eta zientzilarik dioten bezala gure eta gure seme-alaben osasunari kalte larria eragingo dion jarduera berri bat erreparorik gabe burutu behar dutelako. Zergatik guztion gainetik pasatzeko halako ahalegina?

Dagoeneko ehundaka hautetsik, alkatek, sindikatuk, udalek, erakundek eta herritarrek eskatu dioten bezalaxe, proiektuaren eraginpeko eskualdeen borondatea errespetatzeko eta proiektua bertan behera uzteko eskatzen diogu Cementos Portland Valderrivasi.

Argi eta garbi esan nahi diegu ez dugula etsiko hori lortu arte.

Guk errausketari EZETZ esaten diogu, ez Sakanan, ez Nafarroan. Ez Araban, ez Gipuzkoan.

Guk zentzuzkoa den eta gizakion osasunarekin, ingurumenarekin, baliabideekin eta enpleguarekin errespetutsuagoa den hondakin kudeaketa eredu bati esaten diogu BAIETZ.

Geure etorkizuna geuk erabakiko dugu. Gure esku dago bidegabekeria hau gelditzea.

Eskerrik  Asko  Denoi                                      Hurren arte


3Mugak Batera Plataforma

Altsasun, 2012ko martxoaren 24an

No hay comentarios:

Publicar un comentario