Buscar este blog

2011/06/25

Mozioa Altsasuko Udalbatzan

Olatzagutiako Cementos Portland-en hondakinen errausketaren kontrako Altsasuko herritarren plataformak, Altsasuko Udalbatzan eta bere onarpenerako ondoko mozio hau aurkezten du:

Zergatien azalpena:

Stockholmeko itunak, errausten (balioztatzen) duten porlandegiak eta errauskailuak (Balioztatze energetiko instalazioak) dioxina eta furano igorle nagusitzat identifikatzen ditu, minbizi eragile nagusiak direnak eta zeinen aurrean ez dagoen esposizio babes maila segururik.
Osasun erakundeek eta mundu osoko zientzilariek ohartarazten dute gizakien, animalien, airearen eta uraren osasunerako errausketak dakartzan arriskuez eta 33.000 baino gehiagok Europako Parlamentuaren aurrean ofizialki adierazi dute hauxe.

Horrexegatik errausketa da zalantzarik gabe, hondakinak kudetazeko erarik arriskutsuena eta jasangaitzena, gizakion osasuna eta ingurumena larriki kaltetzen dituena eta bere eraginpeko lurraldearen garapenean ez laguntzeaz gain, bertako baliabideak suntsitzen dituena.
Nekez ariko dira horrelako jarduera batekin batera nekazaritzako industriak, abeltzaintzakoak, esnedunak, ostalaritzakoak, nekazal turismokoak …

Gogora dezagun, Nafarroako Hondakin Kudeaketarako Plan Integralak aurreikusten duen “balioztatze energetikorako instalazioa” (errauskailua) Tafallaldean kokatzeko aukeraren aurrean, bertako Garapen Kontsortzioak eta udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek kontrako jarrera bateratua agertu zutela, aurretik Tuteran TERNA enpresak pneumatikoak balioztatzeko jarri nahi izan zuen instazioarekin gertatu zen bezalaxe. UPNk, PSOE-PSNk, NABAIk, IUk, Batzarrek eta Independienteek ezetz esan zioten bi udalerri horietan errausketa-balioztatze jarduera horri.

Orain kezkaz beterik ikusten dugu nola Olatzagutiako Cementos Portland Valderrivas enpresak bere baimenean hondakinak erretzen hasteko aldaketa bat lortu duen. “Kuantitatiboa ez baina jauzi kualitatiboa lortu dugu”, adierazi du enpresak, hondakin mota guztiak erretzeko bere asmoa berretsi duen bitartean, hiri hondakinak, pneumatikoak, araztegietako lohiak, ibilgailu hondakinak, haragi irinak, … eta horrela NHKPI-ak aurreikusten duen azken belaunaldiko balioztatze energetiko instalazioa baino arriskutsuago izango den porlandegi-hondakin errauskailu bihurtuz.

Zerbait egiten ez badugu, Nafarroako errauskailua estalian sar daiteke Sakanan, Olatzagutiako porlandegian hondakinen koinzinerazioaren bidez. Eztabaida sozial eta politikoa eta beste alternatiba batzuk aztertzea saihesteko era aukeratu dute, baimen zuzena enpresa pribatu bati emanez (ez dute erakusketa publikorik ere egin) eta hau hondakin kudeatzaile bihurtuz errausketarekin hasteko. Hau guztia herritarren gaitzespena kontuan hartu gabe, Sakanan bertan 3.200 sakandarrek argi adierazi dutenean Nafarroako Gobernuaren aurrean jarduera honen kontrako jarrera. Modurik zakarrenean inposatu nahi digute beste inon nahi ez duten errauskailua.

Bestalde, porlandegi bat bertan egote soilagatik hondakin errausketa jarduera bat has daiteke, horretarako bereziki desegokia den zonalde batean, NHKPI-an bertan balioztatze energetikorako instalazio bat kokatzeko kontuan hartu behar diren irizpideak aintzat hartuz. Testualki hauxe dio: “Hondakinak kudeatzeko azpiegituren ezarpena, edonolako eragin kaltegarririk gabe lurrerako, landaredirako eta faunarako, paisaiarako, atmosferaren kalitaterako, uraren kalitaterako eta orohar inguruko pertsona edo ingurumenaren kontrako erasoak ekidinez egin behar da”.
Eskualde honek dagoeneko kutsadura maila altua du, gasen ihesbidea eragozten eta hauek pilatzen dituen inbertsio termiko izeneko fenomenoa ematen den baiara baten barrenean, Burunda ibaiaren bazterrean. urak har dezakeen eremuan, herrietatik, hiru parke naturaletik eta LIC-etatik eta baiara hornitzen duen Urdalur urtegitik hurbil. Hau dena kontuan hartuta, NHKPI-ak berak eta balioztatze, konpostatze eta desegite instalazioen kokapenak, errauskailu bat eskualde honetan ezartzeko asmoa baztertzen dute. Hondakinak erretzean sortzen diren emisioen guneetatik 15 km-ko erradioan ekoizten diren produktuak hainbat enpresek erosten ez badituzte eta Europako zenbait estatutan eremu horietan elikagaiak ekoiztea eta merkaturatzea debekatu badute, zer esango dugu egunero edaten dugun eta Cementos Portland lantegitik 5 km-ra dagoen uraz?

Errausketaren aurrean hondakinak tratatzeko alternatibak badira, garbiagoak eta lanpostu gehiago sortzen dutenak, hondakinak gutxitzera bideratutako neurriak proposatzen dituztenak, berreskuratzera eta birziklatzea sustatzen dutenak. Atez ateko bilketak eta beste sistema birritzaileagoek, emaitza ikusgarriak lortzen ari dira, errausketaren premia bertan behera utziz. Olatzagutian errausketa jarduera bat ezartzeak, leiha desleiala sortuko luke beste tratatzeko era horiekin eta hauek ezinezkoak bihurtuko lituzke.

Aintzindari izan da Nafarroa hondakinak kudeatzeko politiketan eta herritarren osasuna eta ongizatea arriskuan ez jartzera bideraturik egon behar dute hauek, tratatzeko era jasangarriagoak lehenetsiz eta hauek ezinezko bihurtuko lituzketen beste batzuk baztertuz.

UDALBATZAK ONARTU BEHARREKO ERABAKIAK

1.- Errausketa hondakinak tratazeko era gisa baztertu eta bereziki Portlan Valderrivas enpresak duen Olatzagutiako porlandegiko labeetan erretzea hondakinak.

2.- Jarduera hau behin betirako geldiarazteko, ahalik eta asmo gehien pilatzera bideraturiko udalaren esku dauden gestioak egin.

3.- Altsasun 2011ko uztailaren 16an 19:30ean “No a la Incineración de Residuos en Cementos Portland”-“Hondakinen Errausketarik ez Cementos Portlanden” lelopean egingo den manifestazioa bultzatu eta bertan parteharzeko deialdia komenigarri irizten dion bidez zabaldu.

4.-Hartutako erabakiak Nafarroako Gobernuko Lehendakariari, Nafarroako Parlamentuari, Landa Garapen eta Ingurumen Departamenduari, Cementos Portland Valderrivas enpresari eta hedabideei jakinarazi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario