Buscar este blog

2011/12/29

2011ko abenduko idatzia

FCC-ren porlandegia Olaztin: Nafarroako lehen errauskailua




Azken urteetakoarekin alderatuz porlan ekoizpen gainbeherak, berriz lehengo ekoizpen mailara itzuliz, eta FCC hondakin eta porlan multinazionalaren diru-gose ase ezinak bere Olaztiko porlandegian beste diru iturri bat ireki nahi izatea ekarri du:  hondakin kudeaketa hain zuzen ere, orain arte jaso ez duten  pagotxa, bere ekoizpen ahalmena lepo baitzegoen burbuila espekulatzailearen ondorioz eta honek Espainiako estatuko batazbesteko porlan kontsumoa Europakoarekin alderatuz bikoiztea eta hirukoiztea ere ekarri zuen eta.

  Aldi berean Nafarroako Gobernuak Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plan Integrala onartu zuen eta bertan jaso zuen errausketa -energia balioztatzea- hondakinen bukaerako kudeaketa gisa, orain arte Nafarroan ezarritako hondakin politikak, ingurumenarekin eta gizakiokin osasunarekin errespetu gehiago agertzen zutenak, alboratuz. Aipatzekoa  da Aragoiko Komunitatean edo Araban, errausketa edo energia balioztatzea debekaturik dagoela hondakinak kudeatzeko garaian.

Baina Tafallaldean Energia Balioztatzeko Planta bat (Errauskailua) eraikitzeko aukeraren aipamen hutsak, alderdi polítiko guztien aho-bateko errefusa sortu zuen, lehenago Tuteran pneumatikoak erretzeko instalazioa egin nahi izan zutenean gertatu zen bezalaxe . Terna enpresak pneumatikoak balioztatzeko jarduera bat ezarri nahi izan zuen Tuteran, lanpostuak eta ekoizpen garbia eta segurua aginduz. Bi kasuetan, UPN eta PSN  buru izan zirelarik, aukera hori baztertu egin zuten.

Maiatzaren 22ko azken Udal eta Foru hauteskundeetan Barcina Andereak , bere hauteskunde kanpainarako egin zituen argazki ezagun haien bila, Olaztiko Pórtland enpresaraino hurbildu zen porlandegiko labeen aurrean agertzeko eta indar abertzaleak erasotu eta bide batez Sakanak jasaten duen langabeziaren eta FCCk bere instalazioetan hasi nahi zuen hondakinen energia balioztatze jardueraren aurka sortutako “arazoen” erantzule egiteko .

2011ko maiatzaren 26an, hauteskundeak izan eta lau egunera, multinazionala hondakin kudeatzaile gisa izan zen erregistratua eta hondakinak erretzeko baimena jaso zuen Nafarroako Gobernuarengandik, hau da, errausketari Nafarroan atea ireki aurretik, NGak itxaron zuen (baimen eskaria urte bat lehenago egin zuen enpresak) UPNren  lehendakarigaiak itxiera baten mehatxupean bere aurkari politikoen kontra egiteko, erabakia aldez aurretik hartua zuten arren. Baina hala ere beraien ustez beste batzuk dira, “betikoak”, guztiongan eragina duen osasuna bezalako gai batekin politika egiten dutenak.

  Ordutik aurrera zonalde osoan zabaldu da asmo horien kontrako mugimendu zabala.
Adin eta sentsibilitate ugariko pertsonaz bete ziren Altsasuko kaleak inoiz Sakanan egin den mobilizazio handienean, Manifestazioan bertan jasotako 926 helegite aurkeztu ziren Nafarroako Gobernuan eta udaletan jarduera horren aurkako mozioak onartu ziren. Aipatzekoa da Barcina Anderearen alderdiaren erantzuna Altsasuko bere zinegotzia zigortuz, lehenago bere alderdikideek Tafallan edo Tuteran egin zuten berbera egiteagatik, eta Roberto Jimenezena ere, aurretik, Nafarroako Gobernura iritsiz gero NHKPIn aurreikusten den Energia Balioztatzen Planta geldiaraziko zuela esana bazuen ere, Altsasuko eta Olaztiko zinegotziek herri horietan jarduera horren kontra hartutako jarreratik bere burua kanpo utzi baitzuen

Herritarren esanari kasurik egin gabe, Nafarroako Gobernuak, FCC enpresak hondadinak “erregai ordezkapen” gisa  erre zitzakeela erabaki zuen, Hondakin Planak edo kokapen irizpideak aintzat hartu gabe.Horrela, edonongo eta ez bakarrik Nafarroako hondakinak erre ditzakete eta gainera lantegi bertan, hau da eskola publikotik eta Olaztiko udaletxetik 400 metrora eta Altsasutik 1000 metro eskasera, Urbasa-Andia, Aralar, Aratz-Aizkorri eta Entzia Parke Naturalen ondoan, zonaldea urez hornitzen duten akuiferoetatik, Urdalur urtegia, Urederra, Arbara… oso gertu, gasak atmosferatzerakoan  inbertsio termikoa deritzan fenomenoa ematen den baiara baten hondoan, berez kutsadura handia jasaten duen toki batean, …

Egoera honen aurrean sortu zen 3mugak batera plataforma, Arabako Lautadan, Goierrin, Ameskoan eta Sakanan dagoeneko funtzionatzen zutenak bertan bilduz eta gizakion osasuna, eta ingurumena eta ezaugarri hauetako jarduera bat martxan jartzeak larriki kaltetuko lituzkeen beste jarduera batzuk zaintzeko helburuz.

  Kaltetutako zonaldeetako ia udal denek onartu dituzte dagoeneko jarduera honen aurkako mozioak eta elkarteek eta ehunka hautetsik adierazi diote atxikimendua,  Plataformaren manifestuari, hondakinak erraustea debekatzeko eta administrazioei gutxitzean, berrerabiltzean eta birziklatzean oinarritutako benetako hondakin kudeaketa politikak beren gain hartzeko eskatzen zaielarik.

Ahalegin guztiak egin behar ditugu Sakanako sarrera honetan bertan geldiarazteko Nafarroa osoari eragingo dion zentzugabekeria hau, Eta jakitun gara horretarako laguntza ere beharko dugula. Horregatik, Nafarroa osoan egin nahi den basakeria handienetako honen aurka antolatuko diren mobilizazioetara egingo diren deialdien aurrean erne egon zaitezten eskatzen dizuegu guztioi.

Plataformatik jaso ezazue agurrik beroena, 2012. urteak guztioi osasuna ekarriko digulako nahiarekin batera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario