2011/07/27
Krisiak eraikuntzaren sektorean duen eragina ez da albistea, eta ondorioz zementuaren industria krisian dagoela ere ez. Irabazien beherakada hau moduren batean konpentsatu behar du eta zementuaren sektorean ohikoa da hondakinen errausketaren hautua egitea. Ez bakarrik hiri hondakinak, zerrenda gero eta zabalagoa da (autoen piezak, neumatikoak, eraikuntzako soberakinak, gailu elektriko eta elektronikoak, pilak, bateriak,... ).
Material hauetako asko birzikla daitezke, baina “balorizazio energetikoa” birziklapena baino errentagarriagoa da.
Zementuaren industriak onura handiak ateratzen ditu bere labeak hondakinak errausteko erabiliz gero. Lehenik, erretzen duten tona bakoitzeko kobratzen dute. Ohiko erregaian aurrezten dute, hondakinez ordezkatzen baitute eta gutxiago behar dute. Erraustegietan bezala, labe hauetan hondakinak erretzea “balorizazio energetikoa” kontsideratzen da, beraz sortutako energia berriztagarritzat hartzen da eta horregatik dirulaguntza jasotzen dute. Gainera energia honek saltzerako orduan lehentasuna dauka.
Sektore honen arabera, ingurumenagatik egiten dute, baliabide natural gutxiago erabiltzeagatik, CO2emisioak murrizteagatik eta zabortegiak ekiditeagatik. Benetako arrazoia gastuak gutxitzea eta diru sarrerak murriztea da, horrela irabaziak handitzen baitituzte. Baina hau ez da dena. Ustez CO2 emisioak gutxitzeagatik ere (legalki berriztagarri kontsideratzen den energia sortzeagatik emisio gutxiago kontabilizatzen baitira) dirulaguntza jasotzen baitute.
Energiaren krisiak eta gehiegizko kontsumoak industria beste energi iturri batzuk bilatzera bultzatu dute. Petrolioa bukatzen ari da eta gero eta garestiagoa da. Hau da hondakinak erregai bihurtzearen beste arrazoietako bat. Horregatik orain arte negozioa petrolioan oinarritzen zuten enpresa energetikoak energia berriztagarrietara ari dira pasatzen, eta energia nuklearra ere bultzatzen ari dira. Hondakinak dira garai honetako urre beltz “berriztagarria”, eta horregatik zementu fabrikak energiaren sektorean sartu nahi dituzte. Egia esan, fabrika hauen nagusiak dagoeneko sektore energetikoaren parte diren enpresa talde handiak dira, eta pertsona berberek gestionatzen dituzte zementu fabrikak, erraustegiak, eraikuntza enpresak,…
Azken ohar bat zementu, erraustegi, enpresa talde eta administrazioaren arteko korapilo ezkutua ulertzeko. Hondakinak erregai bezala erabili ahal izateko prozesatu egin behar dira. Tratamendu hau batez ere erraustegietan egiten da; materialak energia sortzeko duten ahalmenaren arabera sailkatzen dira eta CSR deitzen den erregai hau zementu fabrikei saldu edo erraustegietan bertan erabili daiteke. Horretan datza zementuaren, erraustegien eta beraien jabe diren enpresa handien interesen arteko harreman estua. Eta non kokatzen da interes ekonomiko hauetan administrazioa?... ba hondakinen gestio politikak diseinatzen.
Europako hondakinen direktibak hondakinen tratamenduen hierarkian prebentzioa eta birziklatzea erraustegien gainetik ezartzen dituen arren, hondakinen gestio plan gehienek birziklatze tasa oso baxuak jartzen dituzte helburu gisa eta errausketa lehenesten dute. Ez zaie komeni hondakinak gehiegi gutxitzea horrela ez bailukete zer erre izango eta negozioa bukatuko litzaieke. Erraustegien errentagarritasuna hondakin gehiago erretzean datza.
Ez diezagutela ipuin gehiago kontatu lanpostuengatik eta ingurumenagatik egiten dutela esanez, beraien negozioak eta botereak iraun dezan egiten baitute eta. Eta gobernua eskatzen duten guztia ematen ari zaie, enpresen interesak lehenetsiz eta osasunean eta ingurumenean kalteak jasango dituzten langileei eta pertsonei bizkarra emanez. Ez da inongo hobekuntzarik egongo lan baldintzetan, egingo duten bakarra gastuak murriztu eta irabaziak handitzea izango da, lanposturik sortu gabe!
Hego Euskal Herrian 4 zementu fabrika handi daude. Arrigorriaga eta Añorgakoak Italcementi taldeko Cementos Rezolarenak dira. Bietan balorizatzen dira hondakinak. Portland Valderrivasek beste bi fabrika ditu, bata Lemoan non hondakinak erretzen diren eta bestea Olaztin, non oraindik balorizatzen ez den. Baina azken honi Nafarroako gobernuak biomasa erretzeko baimena eman berri dio. Dagoeneko hondakinak erretzen dituzten fabrika hauetan ez da inongo lan edo ingurumen hobekuntzarik eman. Eta Olaztin ere ez da hobekuntzarik egongo.
ELAk salatzen du balorizazioarekin ustez lanpostuak defendatzearen gainetik, benetako arrazoia denen gainetik negozioa egitean dagoela, nahiz langileak nahiz ingurumena kaltetu. Honek proiektua berehala geldiaraztea exijitzen du. Arrazoi hauengatik ELAk hondakinen atez ateko bilketa selektiboa defendatzen du. Zabor guztia nahastuta jasotzen bada birziklatzeko aukera gutxitu egiten da, baina ongi bereiztuta jasoz gero birziklatze tasak itzelezko igoera izan dezake eta ez legoke aitzakiarik erraustegiak eraikitzeko, ez eta hondakinak zementu fabriketara eramateko.
Ainhara Plazaola
ELAko ingurugiroko sailaren arduraduna
No hay comentarios:
Publicar un comentario